Edukira joan

Sailkatzaile (hizkuntzalaritza)

Wikipedia, Entziklopedia askea

Sailkatzaile bat, batzuetan neurtze-hitza, kontagailua edo adierazgarria (clf[1] laburtua edo cl), hizkuntza eta testuinguru jakin batzuetan erabiltzen den hitz edo morfema bat da, izen zenbakarri bat bere erreferentearen eduki semantikoaren arabera sailkatzeko. Hizkuntza batzuen klase gramatikal nabarmena dira, bereziki Asiako Ekialdeko hizkuntzetan. Europako hizkuntzetan, aldiz, ez dago sailkatzailerik edo kasu marjinalak dira.

Substantibo guztiek ez dute sailkatzailerik behar eta substantibo asko sailkatzaile batekin baino gehiagorekin erabil daitezke. Sailkatzaileek kalifikatzen duten substantiboarekin izen sintagman sartzen dira. Gainera, ez dute izenarekin unitate morfologikorik osatzen eta ez dute aditzarekin komunztadura gramatikalik.

Sailkatzaileak honako hizkuntzetan erabiltzen dira: txinera, japoniaera, koreera, thailandiera, vietnamera, birmaniera, Asiako hego-ekialdeko hizkuntzetan, bangla, asamesa, karen, persa, hizkuntza austronesiak eta maien hizkuntzak, besteak beste. Bantu hizkuntzen eta zeinu hizkuntzen ezaugarri tipikoa ere dira.

Sarrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sailkatzaile batek izen bati testuinguru gramatikal jakin batzuetan laguntzen dio eta, oro har, substantiboen sailkapen kontzeptual motaren bat islatzen du. Batez ere, erreferenteen ezaugarrietan oinarrituta. Hala nola, hizkuntza batek sailkatzaile bat izan dezake pertsonei dagozkien substantiboetarako, beste bat objektu lauei dagozkien substantiboetarako, beste bat denbora-tarteak adierazten dituztenetarako etab. Sailkatzailearen eta substantiboaren arteko lotura ezin da aldez aurretik jakin; izan ere, substantibo batzuek zenbait sailkatzaile baino ez dituzte onartzen, erabilera-konbentzio historikoak direla eta.

Sailkatzaileak erabiltzen dituzten hizkuntzetan, substantiboa kuantifikatzen denean erabiltzen dira; hau da, zenbaki baten ondoan agertzean. Hizkuntza horietan, "bost pertsona" bezalako esaldi batek "bost X pertsona" formularen bidez eraikitzea eskatzen du. X "pertsona" izenari dagokiokeen sailkatzailea izango litzateke. Batzuetan, sailkatzaileek beste funtzio batzuk dituzte. Mandarineran, izen baten eta erakusle baten artean ere erabiltzen dira, alegia, substantiboa zehazten denean (adibidez, "那个人", DET-sailkatzaile-pertsona).

Sailkatzaile-sistemak ezin dira nahasi izenak beren esanahia edozein dela ere sailkatzen dituzten klase izendatuekin (adibidez, morfologiaren arabera). Substantibo bati dagozkion sailkatzaileak, oro har, ezaugarri semantikoen arabera izaten dira, hala nola objektuaren formaren arabera. Esate baterako, mandarinez, 条 (tradizional: 條 pinyin: tiào) objektu luze eta estuekin erabiltzen den sailkatzailea da, eta 张(tradizional 張, pinyin: zhāng) sailkatzailea objektu lauekin. Gainera, ehunka sailkatzaile izan ditzakete hizkuntza horiek; klase izendatuek (batez ere gramatika-generokoak badira), berriz, kopuru mugatua izaten dute. Sailkatzailearen eta izenaren arteko lotura ezin da aldez aurretik jakin. Izan ere, izen batzuk sailkatzaile zehatz bat edo batzuk baino ez dituzte onartzen, erabilera-konbentzio historikoak direla eta. Diakronikoki, sailkatzaile gisa erabiltzen espezializatu diren substantiboetatik eratortzen dira eta, batzuetan, beste erabilera batzuk ere izaten dituzte. Sailkatzaileak, beste hitz batzuk bezala, batzuetan beste hizkuntzetatik mailegatzen dira.

Adibideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mandarineko sailkatzaile batzuk hurrengokoak dira:

  • 个 (tradizionala 個, pinyin: ), hainbat erabileratako sailkatzaile arrunta.
  • 颗 (pinyin: kē) zuhaitz-izenen sailkatzailea.
  • 只 (tradizionala 隻, pinyin: zhī) Zenbait animaliaren izenekin (txoriak, adibidez) erabiltzen dira.
  • 条 tradizionala 條, pinyin: tiáo) objektu luze eta malguetarako.

Sailkatzaileak izen sintagmetan txertatutako adibideak (lehenik Txinako idazkera sinplifikatuan, gero parentesi artean karaktere tradizionaletan): :

  • "hiru ikasle": 三个学生 (三個學生) sān gè xuéshēng, "hiru [gizaki sailkatzailea] ikasle"
  • "hiru zuhaitz": 三棵树 (三棵樹) sān kē shù, "hiru [zuhaitz sailkatzailea] árbol"
  • "hiru txori": 三只鸟 (三隻鳥) sān zhī niǎo, "hiru [txori sailkatzailea] txori"
  • "hiru ibai": 三条河 (三條河) sān tiáo hé, "hiru [gauza luze eta ondulatuen sailkatzailea] ibai"


Kontuan hartu behar da plurala markatzea ez dela ohikoena txineran.

Ikusi baita ere[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo-estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]